Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaria da kanpaina, hasiera batean gainerako herritarrek euskara ukatzen dietela sumatuta. Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.
Askok euskara ez den beste hizkuntzaren bat jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da haien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diegu gainerako herritarrok. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Badakitelako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diegun bakoitzean zubia ere ukatzen diegulako.
Haiek ere euskaldunak dira. Egin diezaiegun, beraz, euskaraz!